XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.- ADITZ ALDIAK ZER DIREN.-

Aditzaren prozesu horren aurrean esatariak hartzen duen ALDIZKO jarrera (noiz gertatzen den prozesu hori) izango da ADITZ ALDIA (erdarazko tiempo verbal).

ALDIAK beti esatariaren ikuspuntutik sortzen dira.

Eta, baliteke uste dugun bezain xinplea ez izatea arazo hau.

Aldien kontua zerbait subjetiboa dala esan behar da, lehen esan bezala.

Aditz prozesu osoan zehar NON jartzen den esataria, hortik hasten da aldien neurketa eta banaketa: hitz egiten duenaren aurretikoa: IRAGANA; hitz egin ondorena: GEROA; eta hizketan ari den unea: ORAINA.

Gauza bera gertatzen da hitz egiten duena bera izan beharrean aldi banaketaren ardatza, beste gertaera bat denean.

Gertaera honen paretik neurtuko lirateke aditz prozesuaren puntu kronologikoak.

Adibidez, Ni bart berandu etorri nintzen.-

Hori gaur esaten dut, puntu kronologiku honetan, baina bart etxera etorriaz batera beste hau esango nuen:

Ni etxera berandu etorri naiz (gaur).

Eta bart etxerantz bidez etortean, honela:

Ni etxera berandu nator (oraintxe).

Eta nire atzoko berandu etxeratzea bera, gaur, azaldu nahi izan ezkero:

Bart ni etxera berandu nentorren.

Eta, ez bakarrik atzo, beste zenbait aldiz ere gauza bera gertatu izan balitzait:

Ni etxera berandu etorten nintzen.

Eta, azkenez, lehenago ez, oraingo ohitura bada: ni etxera berandu etorten naiz.

Guzti hau esataria bera erreferentziazko puntutzat harturik.

Baina, gutxi gora-behera, gauza bera gertatzen da beste gertaera bat aldi-neurketaren ardatz bezala harturik ere.

Adibidez, Kepa etxera etorri zenean, guk alde egin genuen.

Gure alde egitea Keparen etxera etorrerarekin parekatuz neurtzen dugu.

Berdin, Kepa etxera etorri zenean, gu alde egin geunden.

Edo ta oraindik, Kepa etor dadinean, gu alde eginda egongo gara.

Eta, azkenez, posible da beste hau ere, Kepa etxera datorrenean (etortean), guk alde egingo dugu.